NI, ZE IKUR UKIEZIN
Lehengo blogekoak
palindromo eta simetria tailerra
2005ean edo, ermuko eskilarapeko ateneoan palindromo eta simetria tailerra eratu zen.
esperientzia haren haritik sortua da blog hau.
tailerrerako gonbiteak honela zioen:
“etorri, ez? jolastu nahi baduzu, ez galdu aukera, ekarri lapitzak. bestela, lapitzak ekarri-aukera galdu. ez baduzu nahi jolastu, ez etorri.”
grano
elkarrizketa palindromikoa, orain, leihoan, loaurreko zigarroari despedidako muxuak ematen ari natzaiola, auzoko bikote eskandalosoenari aditua:
-AI!
-ZE BA?
-GRANOA!
-NON?
-AZAL PUTA! KREMA?
-MERKATU PLAZAN ONA! ONAR GABEZIA
kontrairakurketa
kontrakoa dirudien arren, palindromoek, bestelako berbek ez bezala, irakurketa bakarra dute.
ac-dc taldearen kantuek, alderantziz entzunez gero, mezu satanikoak omen zituzten, hala ikasi nuen nik.
abba taldearekin ez da hori ematen, abba palindromoa baita, eta kantuak ere simetrikoak dituzte, atzeraka entzun eta frogatu besterik ez duzue.
beraz, eta bigarren zerbeza hau lekuko, sententzia botako dut:
mezu palindromikoak egiazkoagoak dira, kontrairakurketan ez baitute kontraesanik, edonondik begiratuta, egia bera diote, egia berdaderoa beraz.
adibidez:
ONA SARRI BIRRA, SANO
zotina han itoz
lagun taldean, batek zotina.
-niri, ura edaten joaten zait, egin froga.
ezer.
-putaidearik ez daukazue, a ber… susto!
ezin.
-laga niri, honek aztikeria dirudi baina zotina kentzen du.
hor ipintzen du “aztiak” laguna buruzbehera, arnasbideak itxita.
ezta.
denak
jartzen dira begira lagun japoniarrari, ekialdeko jakituriaren
erremedio baten esperoan, eta honek, euskara garbian, palindromoa
botatzen du:
OSAKAN, ADI AZTI, ZOTINA, OKATUTA PUZKARRAK ZUPATUTAKOAN ITO ZITZAIDAN. AKASO…
