grano

elkarrizketa palindromikoa, orain, leihoan, loaurreko zigarroari despedidako muxuak ematen ari natzaiola, auzoko bikote eskandalosoenari aditua:

-AI!
-ZE BA?
-GRANOA!
-NON?
-AZAL PUTA! KREMA?
-MERKATU PLAZAN ONA! ONAR GABEZIA

kontrairakurketa

kontrakoa dirudien arren, palindromoek, bestelako berbek ez bezala, irakurketa bakarra dute.
ac-dc taldearen kantuek, alderantziz entzunez gero, mezu satanikoak omen zituzten, hala ikasi nuen nik.
abba taldearekin ez da hori ematen, abba palindromoa baita, eta kantuak ere simetrikoak dituzte, atzeraka entzun eta frogatu besterik ez duzue.
beraz, eta bigarren zerbeza hau lekuko, sententzia botako dut:
mezu palindromikoak egiazkoagoak dira, kontrairakurketan ez baitute kontraesanik, edonondik begiratuta, egia bera diote, egia berdaderoa beraz.
adibidez:
ONA SARRI BIRRA, SANO

zotina han itoz

lagun taldean, batek zotina.
-niri, ura edaten joaten zait, egin froga.
ezer.
-putaidearik ez daukazue, a ber… susto!
ezin.
-laga niri, honek aztikeria dirudi baina zotina kentzen du.
hor ipintzen du “aztiak” laguna buruzbehera, arnasbideak itxita.
ezta.
denak
jartzen dira begira lagun japoniarrari, ekialdeko jakituriaren
erremedio baten esperoan, eta honek, euskara garbian, palindromoa
botatzen du:
OSAKAN, ADI AZTI, ZOTINA, OKATUTA PUZKARRAK ZUPATUTAKOAN ITO ZITZAIDAN. AKASO…