Palindromo ariketa (A.S.)

Hona pertsonai berria, bere abenturak komikian kontatzea mereziko
lukeena. Neska, izen abizen euskaldunekoa, eta superbotereduna:
ikusezina da. Ia beti. Irribarre egiten duenean, goxo, lelo zein
maltzur, orduan agertzen da gure begien aurrean.

Hurrengo palindromoak aurkezten du gure lagun berria:

6 5, 8 2.

Helduberrientzat oharra: Palindromo ariketak nola egin.

PS:
Pertsona izen batzuk batzutan hatxez eta bestetan hatxe gabe topa daitezke, jabearen gustuaren arabera edo, eta biak onartzen dira, dirudienez, nortasun agirietan-eta.
Simetriaren legeaz gain ortografiaren arauen menpe ere dabilen palindromogileak eskerrak ematen dizkio ALAri goizero aukera bikoitz horregatik.

Palindromo ariketa (odolzalearena)

Amaitu dira oporrak. Ongi etorria palindromo ariketa berrietara. Pasa aurrera. Etxean zaude. Txunditzeko ala aspertzeko eskubide osoa duzu. Ez ahaztu bisita liburuan zure mezua lagatzea.

Palindromo odoltsua da hurrengoa:

Nahasmen moduan, izua. (Odolzalearen desira, han).

7 7, 5. (11 6, 3).

Helduberrientzat oharra: Palindromo ariketak nola egin.

PS:
Sarraski batekin ikasturte berriari hasiera ematea ez dakit egokia den. Palindromoak, baina, bihurriak dira. Mezu apetatsuak sortzen ditu ispilu joko honek. Eta simetriaren lege hertsietan berbekin jolastera ausartzen den orok badaki OKELA BALEKO dela eta IZUA ERE AUZI. Problemarik gabe.

Palindromo ariketa (hitz zaparrada)

…eta berba-jarioaren jirabueltan palindromoa sortu zen, hizkuntzaren goxoki:

Oparotasuna? Kea? Hitz-zaparradak ere errotazioan (du) gozoa, hitzak, jostagarriki saiatu eta bizi baitziharduen, bere kabuz, jelea sortuz.

5? 3? 3-5 3 5 5, 5, 8 7 7 3, 4 4, 5 7.


Helduberrientzat oharra: Palindromo ariketak nola egin.


PS:

“Atrapa y aparta” dio gaztelerazko hizpiluak, eta palindromoari buruz ari da. Liluratzen zaitu ala nazkatu. Horregatik behar du izan dosi txikitan emana eta hartua. Erregina-jelea bezala:

“Dosiei dagokienez, erregina-jelea palindromo freskoa hartzekotan, arto ale bat adinako tanta bat hartu behar da egunean bitan, minutu batzuetan mihi azpian urtzen utziz.”

Hor dago sekretua.

Palindromo ariketa (gozamen ergel?)

Zera dio topatu beharreko palindromoak:
Nik pipatzen dut (gozamen ergela ote?) birika ez nagiekin.

3 4 (6 3?) 5 2 10


Helduberrientzat oharra: Palindromo ariketak nola egin.

PS:
Ospitale psikiatrikoan asko erretzen da. Gogoratzen dut, nire
lehendabiziko egonaldian, maniaren goren-gorenean, “objetivo: cáncer de
pulmón!” kantatzen nuela zigarro batetik bestera. Eta egurra ikutu gabe. Birika bete ke harrotu eta patuari burla egitea gauza alua da, gero. Hamabi urte
pasa dira eta erretzen jarraitzen dut, baina, harrokeria hura etsipena izatera pasa da. Lagako banu ere, kaltea jada egina legokeela pentsatzen dut. Yonki bat naiz, eta zer. Gainera, ERRE palindromoa da. Problema bat daukat.